Suizidio ideazioa

Suizidio ideazioa

Suizidio ideazioa


  • Amatxi, suizidioari buruz solasten denean, zergatik solasten dugu isilpean?
  • Suizidioak, arimaren tekla sakon bat ukitzen du. Piano batean bezala, suizidioaren tekla beltzak bibrazio bat igortzen du. Bibrazio hori zintzurreraino iristen da. Zintzurra uzkurtu eta bere baitan biltzen da. Uzkurdura hau, minari dagokion uzkurdura da. Horregatik, zintzurra etsi egiten da. Eta ahotsa itzali egiten da. Batzuetan, arimaren tekla beltzekin bibratzen dugunean,  arnasa hartzea zaila egiten baita.
  • Tekla beltza txarra da?
  • Ezta pentsatu ere. Tekla beltzak, unibertsoaren sakontasuna zurgatzen du. Horregatik da beltza. Eta, gaueko momenturik ilunena, egunsentiaren aitzineko momentua den modu berean, tekla beltzek bihotzeko argitasunerako bidera eramaten gaituzte.
  • Kontatu gauza gehiago.
  • Suizidioaren teklak, Heriotzarekiko dugun beldurrarekin lotzen gaitu zuzen zuzenean, eta baita Bizitzaren Zentzurekin ere. Bai Bizitzaren Zentzua eta bai Heriotza ere, sakratuak eta osagarriak dira. Txanpon beraren bi aurpegiak.

Suizidioak mugitu eta hunkitu egiten gaitu.  Denontzat dira garrantzitsuak bi indar hauek: Bizitza eta Heriotza. Modu batera edo bertzera, denok dauzkagu kezka existentzialak eta galderak egiten dizkiogu gure buruari:

 Zein da bizitzako helburua?

 Zer zentzu du hemen egoteak?

 Zertarako gaude hemen?

Hortaz aparte, suizidioa hurbil suertatzen bazaigu, gure oinarria dardarikatu egiten da. Badaude bertze hainbertze tekla indartsu bibratzen: lotsa, erruduntasuna, inpotentzia, amorrua, beldurra edo galeraren min bortitza.  

  • Eta orduan…
  • Batzuetan, Bizitzaren Zentzua galtzen da. Hori ez da momentu ttiki batean pasatzen. Bizitza osoan zehar pasatzen diren gorabeheren emaitza da. Bere buruaz bertze egiten duten pertsonak, barneko sufrimendua geldiarazi nahi dute.  Jasanezina egiten ari den liburu batean, orrialdea pasatu nahi izatea bezala da. Hurrengo orrialdea errazagoa, atseginagoa eta argitsuagoa izateko esperantza duelarik.
  • Nola jokatu behar da horrelako egoera baten aitzinean?
  • Atentzioa eta errespetua eduki behar dira. Horrela sentitzen den pertsona baten emozio eta sentimenduak errespetatzea, baltsamo handienetarikoa da. Ez da posible, haren sufrimendua aldatzea, baina bihotz bihotzez ulertu eta entzuten badiogu, goxotasuna eskaini ahal diogu.

Ikusi edo entzun egiten diogun pertsona maitatua sentitzen da eta MAITASUNA da unibertsoko indarrik boteretsuena. Planteamendu berriak egitera eramaten gaitu.

  • Badago aholku onen bat?
  • Zaila da aholku onak ematea, ez bagara bertze pertsona horren tokian jartzen. Agian, erabili daitekeen aholku bakarra, EPAIKETARIK EZ egitea da.

Edozein dela kasua ere, ez da egokia edozeinen mina isilaraztea edo gutxiestea.

Baten batek, bere ezinegon edo minari buruz solasteko adorea badu, hauxe erran dezakegu: “esker mila, nigan erakutsi duzun konfiantzagatik”

  • Eta posible da laguntzea?
  • Maitatu eta alboan egon gaitezke. Garrantzitsuena BIZITZA HELBURU bat aurkitzea da. Helburua ttikia dela iruditu arren. Bakoitzak bere bide edo helburu propioa du eta momentu hortan, motibazio ttiki hori bizitzara lotzen gaituen sustraia da. Zuhaitz bat lurrera lotzen den bezala.

Mila arrazoi daude bizitzan aitzinera jarraitzeko: gurasoak ez mintzeko; egunsentia ikusteko; baratzeko loreak ureztatzeko; katua zaintzeko; biloba lehen jaunartzea hartzen ikusteko; atsekaberik ez sortzeko; nire gelako bakartasunean irakurtzeko; gauzak ikasteko; telesaila gustukoena amaitzen ikusteko. Edozein dela arrazoia…

Xumea, baina egiazkoa den arrazoi hori, bizitzara lotzen gaituen ESPERANTZAZKO HARIA da. Hari hori poliki-poliki tiratzea komeni da, horrela, haria ez nahastea, haustea edo korapilatzea lortuko dugu. Eta indartu, elikatu eta konektatuko gaituen zilbor-hertze batean bilakatu ahal izateko.

Modu honetan jarraituko dugu gure Bizitzako Liburua idazten. Zirriborro, marka, lerro makurrak edo orrialde zuriak edukiko ditu… Aitzinetik ikasitako guztiarekin atal berriak idatziko dira.

Testua: Esther Sanzberro, psikologoa                                                                                        Itzulpena: Leire Sarratea

Lehen laguntza

  1. Ikastetxea gune pribilegiatua da ikasleek beren buruaz beste egiten duten jokabidea detektatu eta artatzeko. Fenomeno konplexua eta faktore anitzekoa da. Ez dago inoiz kausa bakarra, eta arrisku-faktoreak eta babes-faktorerik eza konbinatzen direnean garatzen da.

  2. Arrisku-egoera bat detektatuz gero, alerta-seinaleak baloratu behar ditugu, laguntza emanez eta aktiboki entzunez, familiarekin harremanetan jarriz eta ekintza-plan bat eginez, beharrezkotzat jotzen diren neurriekin.

  3. Horretaz hitz egitea beharrezkoa da, ideia suizida bat ez da inoiz ahaztu, isilarazi, balioa kendu, barregarri utzi, moralizatu eta goratu behar.

Protokoloak eta legedia

  • Bizikidetza Aholkularitzaren esku-hartzea % 1, 65 izatetik (2012-13 ikasturtean) % 35,66 izatera igaro da aurreko ikasturtean:

      2012-13 13-14 14-15 15-16 16-17 17-18 18-19 19-20 20-21 21-22 22-23
    Suizidio ideazioa 2 3 2 24 18 22 28 16 47 77 179

     

    Nafarroan erakundeen arteko lankidetza-protokolo bat dago jokabide suizidak prebenitzeko eta horien aurrean jarduteko.

    Alerta-seinaleak eman diezazkiguketen jokabide batzuk:

    Autoestimu baxua, bere buruari buruzko iruzkin negatiboak
    Axolagabekeria alderdi pertsonalean
    Etorkizunari buruzko iruzkin negatiboak
    Isolamendua, jarrera apatikoa, tristura...
    Errendimendu akademikoaren beherakada
    Portaera autosuntsitzaileak, alkoholaren eta drogen kontsumoa handitzea
    Aldaketa erradikalak portaeran (bat-batean ezohiko poza)
    Ahozko edo idatzizko agurrak, oparitu objektu pertsonalak......
    Sare sozialetan:

    Itxi kontuak
    Internet erabiltzeko gehiegizko denbora
    Eduki autolitikoa duten orrietarako sarbidea.....


    Alerta-seinale horiek daudenean, irakasle gisa dugun eginkizuna laguntzea eta lasai entzutea da, epaitu gabe, minimizatu gabe eta eztabaidatu gabe.

    Ondoren, familiari informazioa ematea eta balorazioa osasun mentalera bideratzea.

    Une horretatik aurrera, presentziarekin eta entzutearekin laguntzea, bai eta familiarekin eta terapeutarekin koordinatzea ere.

Suizidio ideazioa - Lotura interesgarriak